sarrera
diskografia
kontzertuak
argazkiak
harremanak
loturak
copyleft
bandaren berriak

Bolo bolo dabil aspaldian COPYLEFT berba hau. Copyright denok ezagutzen dugu, denok pairatzen dugu. Copyrightek egilea edo jabearen eskubideak defenditzen dituen moduan, sorkuntzarena eta hartzailearenak ditu aintzakotzat copyleftak. Sormena bultzatzeko, garapena areagotzeko abian jarritako eskumen berri bat da copyleft delakoa, software librearen inguruan sortutakoa, eta dagoeneko sorkuntza ezberdinetan gauzatzen ari dena, Interneten bezala, liburuetan, kantuetan eta bestelako kultur sorkuntzetan.

Eskubideen kudeaketa eredu honek, sormena mugatzen duela eta, lanean hasi da makina bat linuxzale, editore, aktibista eta zaletu. COPYLEFT, sormena garatzeko mugimendu berria abian da. Mundu osoan hedatzen ari da, eta gurean ere hasi da zipriztintzen. Software librearen inguruko jendearen kezkak, hedatzen ari dira. Hitzaldiak egiten, patenteen kontrako mobilizazio elektronikoak, argitaratzen diren edukiak publiko egin, eta erabiltzera deitzen, argitaratze librea areagotuz... eztabaida behintzat sustatuko du. Euskal liburugintzak eta kantugintzak oraindik ez dio gaiari patxadaz oratu, baina berandu baino lehen eztabaida zabalduko da eremu horretara ere. Bitartean, sarean etengabe lanak trukatu, lanak hedatu eta jakintza sozializatzen ari da. Eskubideak ezkerretik ikusteko aukera da copyleft. Sormena helburu. Hedapena zio. Ikusi ditzagun une honetan aurrez aurre ditugun zenbait egoera, irtenbide hau balizkoa baino, balekoa dela ohartzeko.


EZgae

Espainian egileen eskubideak SGAE (Sociedad General de Autores y Editores) izeneko elkarteak kudeatzen ditu nagusiki, milioika eta milioika euro darabilzki urtero eskubide kontuetan. Copyrightaren defendatzaile sutsu, sutan da Internetekin. Mundu guztiari kobratu gura dizkiote ustezko kalteordainak, eta ondorioz, SGAEren kontrako iritzi franko zabaltzen ari da internauton artean. Puta sgae.org plataforma ere sortu da ondorioz. Hartzaileen eskubideak, musikazaleen eskubideak defenditu gura ditu Sgaeren kontrako internetzaleen talde honek. Izan ere, legeak gehiago defenditzen ditu une honetan industriak, sortzaileak baino. Diskografika eta argitaletxe handiak, musikari eta idazleak baino. Eta hori aldatzera datoz horrelako elkarteak.


Creative Commons lizentzia aitzindariak

Richard Stallmanek GNU mugimendua abian jarri zuenetik, kode irekia martxan jarri, hedatu eta famatu zuenetik, copyleft eskubideen areagotzea eman zen. Software libretik, Linuxetik ordea bestelako sorkuntzetara egin du jauzi copyleftak. Arauak behar eta lizentziak sortu. Horretan aitzindariak izan dira Creative commons elkartekoak. Eta mundu guztian beraien lizentzia eredua ari da nabarmentzen. Horren arabera, artikulu baten egileak, edo kanta baten sortzaileak, liburu baten idazleak lana kopiatu, hedatu eta aldatzeko eskubidea baimentzen du, beti ere; egilea aipatuz, helburu komertzial barik eta ondorengo kopia edo obra horieri ere lizentzia bera ezarriz.


Euskarazko liburugintza

Euskal argitaletxeetara oraindik ez da heldu egile eta argitaratze eskubideen inguruko mugimendu hau. Egileek ere oraindik ez dute jauzirik eman zentsu horretan. Interneten adibidez, argitaletxe bakarrak -Susak- plazaratzen ditu bere lanak osorik sarean. Besteak oraindik begira geratu zaizkio fenomeno berri honi. Batzuek ordea, Cedro elkartearen zigiluarekin, debekatu egiten dute liburuku edukien erabilpen oro, horrelako zigor baiztapenekin: “Eragotzita dago, legeak ezarritako salbuespenetan izan ezik, obra honen edozein berregintza, komunikaizo publiko edo moldaketa, aurrez jabetza intelektualaren titularren baimena eskuratzen ez bada. Eskubide horien urraketa jabetza intelektualaren aurkako delitutzat hart daiteke (Kode penaleko 270 eta hurrengo artikuluak). CEDRO erakundeak (www.cedro.org) babesten ditu eskubide horiek.” Beraz, euskal argitaletxe batzuen jarrerarekin, ezin izango da poemen errezitaldirik egin, irrati euskaldunetatik liburuen pasarteak irakurri edota euskaltegietan material gisa erabiltzeko kapituluen fotokopiarik egin. Eragotzita izateaz gain, Kode penala aipatzen da beren beregi.


Poemak publikoki irakurtzea debekaturik

Ez da lehen aldia, kanpoan ere gertatzen da. Poemak ez dira ozen irakurtzeko. Debekatua daukate copyright eskubideek. Beraz, ozen irakurtzea, bozgorailuetatik irakurtzea, irrati libre batetik irakurtzea delitu da gurean. Euskarazko sorkuntza laguntzea delitu bilakatzen da, eskubideen izenean.

Hain modan jarri diren poema errezitaldiak adibidez, debekatu egin beharko lituzke CEDRO elkarteak. Izan ere, ez antolatzaileak ez irakurleek ez dute ezelango eskubiderik ordaintzen poemak irakurtzearen truke. Copyleft lizentziarekin ordea, erabilpen komertziala ekidinez, edonon edozelan eta edozertarako hartu, kopiatu, irakurri edo moldatu daitezke bere baitan leudekeen edukiak. Alegia, poema bardinak, ozen irakurri, jendaurrean irakurri, telebista edo irratian entzun edota gure webgunean aipatu edota kopiatu genitzakeen. Bada alderik.



CDetako canon-a

Egun, grabatzeko CD bat erosten dugun aldiro, canon bat ordaintzen dugu. Canon hori, ustez egile eskubideak defendatzeko erabiltzen dute gerora. Ez digute galdetzen baina, CD horretan zer sartuko dugun. Inoren kantuak, ala gure idatziak sartuko ote ditugun. Guk geuk ataratako argazkiak, ala Internetetik jaitsitako filme bat. Ordaindu baina, berdin berdin egin behar dugu. Zalaparta ederra sortu du Canon honek, eta pil pilean da gaia.


P2P sareak, nik zuri, zuk niri

Peer to peer sareak dira, ordenadoreak elkar konektatuta, eta elkar txupatzen jarri dituen sareak. “Nik kantu hauek eskaintzen ditut, eta modu berean besteengandik guzti hauk jeisten ditut” logikarekin, munduaren zabalean kantuak ez ezik, dokumentalak, programa informatikoak, filmeak, marrazki bizidunak, DVDak.... denetarik truka daiteke. Izan ere trukaketa baino ez da P2P sareetan mugitzen dena. Ez da ezelango webgunetik jeisten, ez, batek bestearen ordenadoretik hartzen du informazio guztia. Sekulako astindua eman dio sareari horrek, egun osoan ordenadoreak martxan jarri, eta banda zabalera profitatuta, deskarga interesgarriak egiten dira. Filmeak adibidez, zenbait kasutan estreinatu aurretik ere prest egoten dira P2P sareetan. Ikusleak eskertzen du. Filmegile independiente askok, apropos jartzen ditu pelikulok horrelako sareetan, ezagutzera emateko besteak beste.


Luther Blisett > Wu ming

Literatura, komunikazioa, aktibismoa bat eginda. Luther Blissettek astindu ederra eman zion panoramari. Pertsonaia bat asmatu zuen talde batek. Sinadura bilakatu zen, eta ekintzak egin zituzten han hemenka. Egiletza bat aitortu zioten, esistitzen ez zen pertsonaiari. Futbolari etorkin baten izena eman zioten autore berriari. Eta nobelak argitaratu zituzten bere izenean, eta arrakasta operazioa izan zen. Operazio arrakastatsua. Literatura berria, egilerik gabekoa, egiletza kolektiboa. Eta kopiatzeko eskubidea aldarrikatu zuten, eta kopiatu egin ziren bere obrak, eta bolo bolo zabaldu zen, sarean, paperean, fotokopietan, panfletoetan... eta mundu osoa izan zitekeen luther blissett, eta horrela hedatu zen, mugimendu berri baten idazle bezala. Mugimendu baten letrak, mugimendu baten hitzak bilakatu ziren, literatura eginez. Literatura ona, gainera. Italian abiatu zen mugimendua, baina azkar hedatu zen, orain edonor izan daiteke Luther Blissett, edozein hizkuntzatan gainera. Beraien Q nobela arrakastatsua izan zen, 200.000 ale saldu zituzten Italian, baina askoz gehiago izan ziren irakurleak. Horretaz harro daude.


Italian bertan gerora, Luther Blissett sortu zutenek, beste ekimen bati eman zioten hasiera: Wu ming. Txinera mandarinean, izenik gabekoa adierazten du Wu ming izendapenak, eta normalean Txinako erregimenean disidenteak direnak erabiltzen dute izendapen hori, benetako egiletza izkutatzeko. Italiar desobedienteek adiera bera eman gura izan diote. Wu ming. Izen barik. Boloniako bost idazleren kolektiboa da Wu Ming, idazten duen kolektiboa. Nobelak ataratzen dituzte, argitaratu, eta mundu osoan saltzen dira, arrakastaz orain ere. Liburuaren sarreran, copyleft dela adieraziko dizute: “Obra honen erreprodukzioa, osoa nahiz zatikakoa, baimendua dago; baita hedapen telematikoa ere, beti ere norberaren erabilpenerako eta helburu komertzial barik.” Literatur sorkuntzarako laborategia da egun Wu Ming eta mundu osoan ari dira liburuak eta lanak hedatzen. Interneten ere aurkitu daitezke beraien testuak, agiriak, komunikatuak, hitzaldi eta elkarrizketak. Izen barik baina nortasun handiarekin.


HELBIDE INTERESGARRIAK
Egile eskubide elkarteak
www.sgae.es
www.sgae.fr
www.putasgae.org
www.cedro.org

Literatura
www.susa-literatura.com
www.armiarma.com
www.bbk-literatura.org

Musika
www.imbecil.com
www.lamundial.net

Copyleft idazleak
www.lutherblissett.net
www.wumingfoundation.com

Eztabaida eta lizentziak
www.coyleft.sindominio.net
www.creativecommons.org

Eredu pratikoak
www.jorge.cortell.net
www.euskalherria.indymedia.org


[Patxi Gaztelumendik Nabarra aldizkarirako egindako erreportaia.]

 

WEB HAU COPYLEFT LITZENTZIAPEAN DAGO